Udalerria

Gure herriak...

Udalerria

Burgeluko udalerria

Burgeluko udalerria probintziako hiriburu den Gasteiztik 12 kilometro ingurura dago, eta 634 biztanle ditu. 32,10 km2-ko lurralde hedaduran, 6 herri daude: Añua, 61 biztanlerekin; Arburu, 106 biztanlerekin; Argomaiz, 190 biztanlerekin; Burgelu, Udalaren egoitza, 168 biztanlerekin; Gazeta, 53 biztanlerekin; eta Ixona, 56 biztanlerekin. Biztanle guztietatik, %48 emakumeak dira, eta %52, gizonak.
Lan jarduerari dagokionez, biztanleriaren zati batek nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduten du, eta horretan, zerealgintzan. Alabaina, biztanle gehienek Gasteizen egiten dute lan.

Burgelutik igarotzen zen Bordele eta Astorga arteko galtzada erromatarra, alegia, geroago, erromesek erabili izan zutena, Done Jakue Bidearen aldaera gisa.
Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunak zenbait errege-bide (errepide zaharrak) eginarazi zituen, galtzada haren zati batzuez baliatuta, Gaztela eta Bizkaiko Golkoko itsasoko portuak lotzeko. Erromesek errege-bide haietako batzuk ere erabili zituzten, Santiagora joateko. Garai hartatik, zenbait eliza eta ermita kontserbatu dira.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, izugarrizko aldaketa gertatu da Burgeluko udalerrian, biztanle-kopurua nabarmen handitu delako. Udalerria hiriburutik hurbil dagoenez, komunikazio onak daudenez eta herrietako bizimodu lasaia erakargarria denez, familia askok aukeratu dute ohiko etxebizitza udalerriko herriren batean jartzea. Argomaizek eta Burgeluk izan dute azken urteetako fenomeno horren eraginik handiena, baina azken batean, herri guztietako biztanleria handitu da.
Biztanleria-hazkunde horrek asko aldatu du herrietako funtzionamendua, eta horrez gain, kontuan izan behar da bizimodu desberdineko pertsonak iritsi direla udalerrira bizitzera.

Burgeluko Udalak, errealitate horren jakinaren gainean, honako helburu nagusi hauek hartu ditu: auzotar berrien integrazioa erraztea eta harreman-oztopoak desagerraraztea, udalerriko biztanleen arteko elkarbizitza eta, horrenbestez, bizi-kalitatea ahalik onena izan daitezen. Horretarako, gizarte- eta kultura-arloaren barruan jarduera-programa bat jarri du martxan. Programatutako jarduerek topaguneak sortzen dituzte, auzokideen arteko harremanak sustatzeko eta finkatzeko, baita laguntza-sare naturalak sortzeko ere. Horri esker, eta biztanleriaren sektore guztientzako tailerrak eta hainbat kultura-, gizarte- eta kirol-jarduerak antolatuz, lortu da etxe berri askotan dauden hesiak oztopo ez izatea, Burgeluko udalerria osatzen duten biztanle guztien artean.

Esku-hartze haren helburuak honako hauek ziren: pertsonek elkar ezagutzea, elkarri laguntzea ahalbidetuko duten harremanak ezartzea eta komunitate- eta herri-zentzua garatzea.

Jardueren programazioa finkatuz eta zabalduz joan da, eta gaur egun, biztanle askok hartzen dute parte haietan.

Harremanetarako eta elkarbizitzarako guneak sustatzeko ildo horretan, hegoaldeko herrialdeei laguntzeko proiektu solidario bat abiarazi da, azken urte hauetan sendotu egin dena eta gaur egun indar handiz aurrera jarraitzen duena.